Aurten ere, Urruzuno literatur lehiaketa ospatu dute eta gure ikastetxeko ikasle batek saria lortu du. Jasone Osoro idazle eta kazetariak gidatuta, Lakuako egoitzan egindako ekitaldian, hogei bat neska-mutilek jaso dituzte sariak —ekitaldira sarituen senideak eta ikastetxeen ordezkariak ere bertaratu dira—.
Gure ikasle Malen Urkizuk B prosa ataleko saria eskuratu du, Artasoroa izeneko idazlanarekin. Zorionak, Malen!
Urruzuno sariak
Urruzuno sariak literatur zaletasuna eta euskara sustatu nahi ditu Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean. Era berean, idazketaren munduan interesa duten ikasleen artean komunitatea sortzeko aukera paregabea dira sariak, ikasle horiek elkartu, elkar ezagutu eta elkarrekin ikasteko aukera sortzen baita. Izan ere, saria literatur egonaldi batean datza, eta aste honetan bertan gozatu dute ikasleek sari horretaz: Arantzan (Nafarroa) egindako ikaskuntza- eta bizikidetza-esperientzia. Saridunek bost egunez parte hartu dute jardunaldi, tailer eta errezitaldietan, literaturaren eta musikaren arloko pertsona nabarmenekin batera, hala nola Patxi Zubizarreta, Ruper Ordorika edo Itxaro Bordarekin. Horiek gazteekin partekatu dituzte beren ibilbidean bizitako esperientzia inspiratzaileak, eta haien idazketa eta sormen-lana hobetzen jarraitzeko gomendio baliagarriak eman dizkiete.
Urtero bezala, Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratu du, Sagastiberri bildumaren barruan, idazlan irabazle guztiekin. Liburu hori lehiaketan parte hartu dutenei eman zaie ekitaldian eta datozen egunetan bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, Berritzeguneetan eta liburutegietan ere banatuko da.