ZI GELA
ZI GELA
Hernani BHIko Zereginetan Ikasteko Gelak (ZIG) Hernani eta inguruko herrietako (Lasarte, Usurbil…) ikasleak hartzen ditu. Aniztasun funtzionala duten ikasleez osaturik dago ZI Gela, hau da, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzat da. Ikasle horiek gaitasun eta ezaugarri desberdinak dituztenez, gelan profil eta maila desberdinak daude; gela anitza da eta ikasle bakoitzak dituen premien araberako laguntza jasotzen du.
ZI Gelan 16 eta 20 urte bitarteko ikasleak egoten dira. Gehienez 10 ikasleko taldea izaten da, beti ere, ikasleen hezkuntza beharrak kontutan hartuta.
Helburua
Gure ikasleak lan mundurako eta bizitza heldurako prestatzea eta zubi izatea da gure helburua. Ikaslea bizitzan ahalik eta autonomoen izan dadin, komunikazioa, norberaren autonomia, gizarte trebetasunak eta lan orientabide eremuak lantzen ditugu batez ere. Horretarako, erreminta desberdinak eskaintzen dizkiogu, egokitzen saiatzen gara eta dagozkion oinarrizko konpetentziak garatzen laguntzen diogu ikasleari.
ZI Gelako Ikasketak bi arlo nagusitan banatuta daude:
- Gelako arloa: oinarrizko ezagutza akademikoez osatuta dago.
- Tailerreko arloa: arlo profesionala deitu genezakeena, zura eta altzarigintza tailerra ardatz dituena. Beste tailer batzuk ere jorratzen ditugu, esaterako, sukaldaritza. Horietan, lan ohiturak eta lan trebetasunak garatzen ditugu, besteak beste.
Horrez gain, eta ahal den heinean, ikasle batzuk gela arruntetan ikasgairen batean integratzen saiatzen gara, beti ere bakoitzaren ezaugarriak, gaitasunak eta nahiak kontuan izanik.
Ikaslearen alde emozionalaren garapenari garrantzi handia ematen diogu.